Jaitsi


ATARIKO BURUA

1. artikulua

Euskal Herria, bere naziotasunaren adierazgarri, eta bere burujabetasuna iristeko, espainol Estatuaren barruan Komunitate Autonomo gisa eratzen da. Beronen izena Euskadi zein Euskal Herria izango da; eta Konstituzio eta Estatuto honetan adierazten direnak izango ditu oinarrizko instituzio-arautzat.

2. artikulua

  1. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak eta era berean Nafarroak ere, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren partaide izateko eskubidea dute.
  2. Euskal Herriaren Komunitate Autonomoaren lurraldea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Herrialde Historikoez osatuko da, bai Nafarroakoarenaz ere, hauek egungo probintzien mugetan hartzen direlarik; eta baldin eta azkeneko horrek Konstituzioaren laugarren agindu iragankorrean erabakitzen den prozeduraren arabera partaide izatea erabakitzen badu.

3. artikulua

Euskal Herria osatzen duen Herrialde Historikoetako bakoitzak, beti ere berorren baitan, autogobernuko bere antolaketa eta instituzio propioak gorde ditzake edota, bestela, berrezar eta egunera.

4. artikulua

Euskal Biltzarreak emango duen legearen bitartez eta Komunitate Autonomoaren lurraldearen barruan egingo da Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren Erakunde komunen egoitzaren hautaketa.

5. artikulua

  1. Euskal Herriko ezaugarria ikurrin bigurutzeduna da: aspa berde bat, gurutze zuri bat gainean eta hondo gorriaz osatua.
  2. Orobat onartzen dira Komunitate Autonomoaren barruko Herrialde Historikoetako banderak eta ezaugarriak.

6. artikulua

  1. Euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntza denez, hizkuntza ofizialen maila izango du Euskal Herrian gaztelaniarekin batera, eta guztiek dute bi hizkuntzok ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea.
  2. Komunitate Autonomoko Erakunde amankomunek Euskal Herriko egoera sozio linguistikoaren ñabardurak kontutan izanik, bi hizkuntzen erabilpena bermatuko dute, berorien ofizialtasuna erregulatuz, eta berorien ezagutza segurtatzeko behar diren neurriak eta medioak erabaki eta baliaraziko dituzte.
  3. Hizkuntza dela-eta, ez da inor gutxietsiko.
  4. Euskarari dagozkionetan, Euskaltzaindia izango da erakunde aholku-emale.
  5. Euskara beste euskal lurralde eta komunitate batzutako ondarea ere izanik, erakunde akademiko eta kulturazkoek beroriekin izan ditzaketen harreman eta loturez kanpo, Euskal Herriko Komunitate Autonomoak eskatu ahalko dio espainol Gobernuari lurralde eta komunitate horiek kokaturik daudeneko Estatuekin itunak eta komenioak egin ditzala -edo eta hala behar izanez gero Gorte Jeneralei horretarako eskabidea ager dezan, berauek hura onartzeko-, horretara euskara zaindu eta bultza dadin.

7. artikulua

  1. Estatuto honetaz balia ahal izateko, ondoko hauek izango dute euskaldunen kondizio politikoa: Estatuko lege orokorren arauera, Komunitate Autonomoaren lurraldeko edozein udaletan egoitza administratiboa duten guztiek.
  2. Atzerrian bizi direnek eta gauza bera berorien ondokoek hala eskatzen baldin badute, Euskal Herrian bizi diren egoiliarrek dituzten eskubide berberak izango dituzte, baldin eta horien azken egoitza administratiboa Euskal Herrian izan bada, eta españatar naziotasunari eutsi badiote.

8. artikulua

Euskal Herriko Komunitate Autonomoari, beronen lurraldean osorik kokaturik dauden eskualdeak edo udalbarrutiak erants dakizkioke, baldintza hauek betez gero:

  1. Erasketa-eskabide hori Udalaren edo Udalen arteko gehiengoak egitea eta bide batez sartu nahi duten eskualdea edo udal barrutiak dauden Komunitate edo Probintziaren iritzia biltzea.
  2. Delako udalbarruti edo lurralde horietako bizilagunek berek hala erabakitzea, horretarako bereziki antolatuko den referendumaren bidez, eta aldez aurretik baimen guztiak bildurik eta bozkatu diren boto baliodunen gehiengoa aintzakotzat harturik.
  3. Euskal Herriko Biltzarreak lehenik eta Estatuko Gorte Nagusiek gero, Lege Organikoaren bidez, aintzakotzat hartzea.

9. artikulua

  1. Euskal Herriko hiritarren oinarrizko eskubideak eta betebeharrak Konstituzioan finkaturik dauden berberak dira.
  2. Euskal botere publikoek, beroriei dagozkien alorretan:
    1. Hiritarren oinarrizko eskubide eta betebeharren erabilpen egokia zaindu eta bermatuko dute.
    2. Bizitzeko eta lan egiteko kondizioen hobekuntza ekar dezakeen politika bultzatuko dute bereziki.
    3. Enpleguaren gehikuntza eta ekonomiaren egonkortasuna sustatzen lagun dezaketen neurriak hartuko dituzte.
    4. Gizabanakoaren eta berori sartuko den taldeen askatasuna eta berdintasuna zinezkoa eta egiazkoa izan daitezen, diratekeen oztopoak erauzteko eta aldeko kondizioei eragiteko neurriak hartuko dituzte.
    5. Euskal Herriko politika, ekonomia, kultura eta gizarte alorretako bizitzan hiritar guztien partehartzea erraztuko dute.
I. BURUA - EUSKAL HERRIARI DAGOZKION KONPETENZIAK

10. artikulua

Euskal Herriko Komunitate Autonomoak ondoko gaiei dagozkienean konpetentzia exklusiboa du:

  1. Udak barrutien mugaketak, Estatuto honen 37. artikuluan erabakitzen denaren arauera, herrialde Historikoei dagozkien ahalmenei kalterik egiteke.
  2. Autogobernatzeko erakundeen antolamendu, erregimen eta funtzionamendua, beti ere Estatuto honen arauen barruan.
  3. Euskal Biltzarrea, Junta Nagusiak eta Diputazio Foralekin zerikusirik duten hauteskundeetarako barne-legegintza, Estatuto honetan seinalatzen denari jarraituz eta 37. artikuluan erabakitzen denaren arauera, Herrialde Historikoei dagozkien ahalmenei kalte egiteke.
  4. Erregimen lokala eta Euskadiko eta bertako Administrazio Lokaleko funtzionarien Estatutoa, Konstituzioaren 149.1.18 artikuluan jartzen denari kalterik egiteke.
  5. Euskal Herria osatzen duten Herrialde Historikoen Zuzenbide Zibil Foral eta berezi -idatzi nahiz ohizkoaren- kontserbazio, aldatze eta bilakaera, bai eta beraren indarraren lurralde-barrutiaren finkapena ere.
  6. Euskal Herriko Zuzenbide sustantiboaren berezitasunetik eta beronen antolamendutik datozen arau prozesalak eta prozedura administratibo eta ekonomiko-administratiboak.
  7. Ondasun publikoak eta ondarezkoak, beraruen titulartasuna Komunitate Autonomoari dagokionean, bai eta beraren konpetentzi-gaien zerbitzalgo publikoak ere.
  8. Mendi-basoak, oihanen erabilera eta zerbitzuak, abelbideak eta bazka-larreak, Konstituzioaren 149.1.23 artikuluari kalterik egiteke.
  9. Nekazaritza eta abelazkuntza, ekonomiaren antolaketa orokorraren arauera.
  10. Barne-uretako arrantza, itsaski-bilketa eta arrain hazkuntza, ehiza eta ibai-aintziretako arrantza.
  11. Ur erabilerak, kanale eta ureztaketak, urak osoki Euskadin kurri daitezenean, energi produkzioa, banaketa eta garraiatzeko instalakuntzak, garraioa euskal lurraldetik kanpora irteten ez denean eta beraien erabilera beste probintzia edo Komunitate Autonomoari kalterik egiten ez dionean: metalurak, urberoak eta lurpekoak. Hori guztiori Konstituzioaren 149.1.25 artikuluari kalte egiteke.
  12. Laguntza soziala.
  13. Irakaskuntzari, kulturari, arte, ongintza, ardura sozialari eta antzekoei laguntzeko diren Fundazio eta Elkarteak berauek beren funtzioak ia erabat Euskal Herrian betetzen dituztenean.
  14. Adinera heldugabeen babes eta tutoregorako, gartzelatzeko eta gizartean berrintegratzeko erakunde eta etxeen antolaketa, erregimena eta funtzionamendua, gai zibil, gaztigu eta gartzelazkoez legegintza orokorrak dioenaren arauera.
  15. Farmazi antolaketa Konstituzioaren 149.1.16 artikuluaren erabakiaren arauera, bai eta higienea ere, Estatuto honen 18. artikuluan jarria kontutan harturik.
  16. Zientzien eta tekniken ikerpena, Estatuarekin koordinatuki.
  17. Kultura, Konstituzioaren 149.2 artikuluan erabakiari kalterik egiteke.
  18. Arte Ederrak irakasteko eta berauek bultzatzeko daudekeen Erakundeak. Eskulangintza.
  19. Kultur, histori, arte, monumentu, arkeologi eta zientzi ondareak, exportazio eta expoliazioaren kontra, esandako ondare horien alde Estatuak ezarriko dituen arauak eta beharkiak Komunitate Autonomoak bere gain hartuko dituelarik.
  20. Artxiboak, Bibliotekak eta Museoak, Estatuak berorien titulartasunik ez duenean.
  21. Nekazal eta Jabeko Ganbarak, Arrantzaleen Kofradiak, Merkatalgo, Industri eta Nabigazio Ganbarak, atzerriarekiko merkatalgoan Estatuaren konpetentziari kalterik egiteke.
  22. Kolegio Profesional eta profesio tituludunen betearaztea, Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan erabakiari kalterik egiteke. Estatuaren legeen arauera notariak izendatzea.
  23. Kooperatibak, Seguru Sozialean sartu gabe dauden Mutualitate eta Posituak, beti ere Merkatal legegintza orokorrak dioenaren arauera.
  24. Euskadiko sektore publiko propioa, Estatuto honetako beste arau batzuk hura ukitzen ez duten neurrian.
  25. Ekonomiaren bultzapen eta aurrerabidea eta Euskal Herriko ekintza ekonomikoaren plangintza, ekonomiaren antolaketa orokorraren arauera.
  26. Kredito gorporatibo, publiko eta lurraldezkorako Erakundeak, eta Aurrezki Kutxak, Estatuak kredito eta bankaren ordenamenduaz ezarriko dituen oinarriak eta monetar politika orokorraren barrutia errespetatuz.
  27. Barne merkatalgoa, prezioen politika orokorraren, Estatu barruan ondasunen joanetorri librearen eta konkurrentziaren aldeko legegintzari kalterik egiteke. Feriak eta barneko merkatuak. Jatorrizko izena eta iragarbidea Estatuarekin koordinatuki.
  28. Kontsumitzaile eta erabiltzailearen defentsa, goiko apartatuan mugatzen den bezala.
  29. Merkatalgo Burtsa eta gainerantzeko merkantziak eta baloreak kontratatzeko zentroak antolatu eta erregulatzea, merkatal legeen arauera.
  30. Industria, segurtasun, garrantzi militar eta osasun arrazoiengatik eta lege berezipean diratekeen industrien ezarkuntza, zabalpen eta lekualdatzea izan ezik, ez eta funtzio hauetarako legegintza espezifikoa behar duten guztiak ere, eta atzerritar teknologiaren transferentzia egiteko aldez aurretiko kontratoak behar dituztenak ere ez. Industri sektoreen berrestrukturaketan Estatuak ezarriko dituen planak aurrera eraman eta betetzea Euskal Herriari dagokio.
  31. Lurralde, kosta, hirigintza eta etxebizitzen antolaketa.
  32. Trenbideak, lehor, itsaso, ibai eta kablezko garraioak, portuak, heliportuak, aireportuak eta Euskal Herriko Meteorologi Zerbitzua, Konstituzioaren 149.1.20 artikuluaren erabakiari kalterik egiteke. Kontratatzeko zentroak eta garraio arazoei dagokienez kargarako bukalekuak ere bai.
  33. Interes orokorraren legezko kalifikapenik ez duten Lan Publikoak, edo eta berauen betetzeak beste lurralderik ukituko ez dutenak.
  34. Kamio-bideei dagozkienetan, Konstituzioaren 148. artikuluaren 1 zenbakiaren 5. apartatuan bildurik dauden konpetentziez gainera, Herrialde Historikoetako Diputazio Foralek osorik gordeko dituzte beren baitan dituzten erregimen juridiko eta konpetentziak, edo eta, hala nahi izanez gero, Estatutuaren 3. artikuluaren arauera berrartuko dituztenak.
  35. Kasino, joko eta apustuak Apuestas Mutuas Deportivas Benéficas deritzenak izan ezik.
  36. Turismo eta Kirolak. Aisia eta Atsedena.
  37. Euskal Herriko Estatistika, beraren helburu eta konpetentzietarako.
  38. Ikusgarriak.
  39. Komunitatearen aurrerabidea. Emakume kondizioaren arazoa. Haur, gazte eta hirugarren adinekoen aldeko politika.

11. artikulua

  1. Euskadiko Komunitate Autonomoaren konpetentziapekoa da, beraren barrutian, Estatuaren oinarrizko legegintzaren aurrerabide legislatiboa eta beronen betearaztea, ondoko gaiotan:
    1. Ingurugiroa eta ekologia.
    2. Ezinbesteko desjabetzea, kontratu eta kontzesio administratiboak, guztiok berari dagozkion konpetentzietan, eta Euskal Herriko Administrazioaren erantzukizun-sistema.
    3. Euskal Herriko arrantza-sektorearen antolaketa.
  2. Euskadiko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, halaber, beraren barrutian, ondoko gaion oinarrien aurrerabide legislatiboa eta beronen betearaztea, beti ere beroriek seinalatzen dituzten mugen arauera:
    1. Kredito, banka eta aseguroen antolaketa.
    2. Oinarrizko baliabideak eta beharrenezko zerbitzuak sektore publikoari erreserbatzea, monopoliozkoak direnean bereziki, bai eta gehiengoaren interesak hala eskatzen duenean enpresetan eskua izatea ere.
    3. Meatze eta energiarekiko erregimena. Baliabide geotermikoak.

12. artikulua

Euskal Herriko Komunitate Autonomoari ondoko gaietan Estatuaren legegintzaren betearaztea dagokio:

  1. Gartzelei buruzko legegintza.
  2. Lanari buruzko legegintza, lan harremanei dagozkienetan Estatuak gaur egun dituen ahalmen eta konpetentziak bere gain hartuz, bai eta, Estatuaren goi inspekzioarekin batera, lanari buruzko legeak betearazteko haren zerbitzuak eratu, zuzendu eta babesteko ahalmena ere, langileen kualifikazioa eta hezkuntza osoa bultza daitezen lan-baldintzak gizartearen aurrerabide eta aitzinamenduari egokitzen saiatuz.
  3. Jabegoaren Erregistratzaileen, Ganbio eta Burtsako Agenteen eta Merkatal Korredoreen izendapena. Eta hala behar balitz, berauei dagozkien mugen finkaketan esku izatea.
  4. Jabego intelektual eta industriazkoa.
  5. Pisuak eta neurriak; metalen kontrastea.
  6. Euskal Herrian egingo diren nazioarteko feriak.
  7. Komunitate Autonomoaren lurralde barrutiko Estatuaren sektore publikoa, hura egoki zaizkion kasu eta egitekoetan eskuhartzaile izanik.
  8. Gehiengoaren interesekotzat jotako portu eta aireportuak, Estatuak berorien zuzenkako gestioa beretzat erreserbatzen ez duenean.
  9. Merkantzia eta bidaztien garraioaren ordenamendua, hasiera eta amaia Komunitate Autonomoaren lurralde barrutian denean, garraio hori Konstituzioaren 149. artikuluaren 1. apartatuaren 21. zenbakiak dioenez, titulartasun estatalaren azpiegituraren bidezkoa izan arren, Estatuak bere gain hartuko duen zuzenkako betearazteari kalterik egiteke.
  10. Itsas salbamendua eta Euskal kostari dagozkion Estatuaren uretan industri isuri eta gai kutsakorren arazoa.

13. artikulua

  1. Justizi Administrazioari dagokionez, justizia militarra alde batera utzirik, Euskadiko Komunitate Autonomoaren esku egongo dira, bere barrutian, Justizi Boterearen eta Justizi Boterearen Kontseilu Nagusiaren Lege Organikoek Gobernuari ezagutu, erreserbatu edo gainjartzen dizkioten ahalmenak.
  2. Lege orokorren arauera, Estatuari ez besteri dagokio, osorik, barkatzeko eskubidea eta Ministraritza Fiskalaren antolaketa eta funtzionamendua.

14. artikulua

  1. Euskal Herriko jurisdikzio organoen konpetentzia ondoko hauetara hedatzen da:
    1. Zibil mailan instantzia eta gradu guztietara, Euskadiko Zuzenbide Zibil Foralaren gaietan kasazio eta berrikusketazko errekurtsoak barne direlarik.
    2. Gaztigatzeko eta sozial mailan, instantzia eta gradu guztietara, kasazio eta berrikusketazko errekurtsoak izan ezik.
    3. Kontentzioso-administratibo mailan eta Komunitate Autonomoak legegintza exklusiboa dueneko gaietan instantzia eta gradu guztietara, beraiek Euskal Herriko Administrazioak diktaturikoak izanez gero, eta lehen instantzian, aldiz, Estatuko Administrazioak diktaturikoak baldin badira.
    4. Euskal Herriko organo judizialen arteko konpetentzi arazoetara.
    5. Jabegoaren Erregistroetan sarrera eduki behar duten Euskal Zuzenbide bereziaren dokumentuen kalifikapenari buruzko errekurtsoetara.
  2. Beste gainerantzeko gaietan, Auzitegi Gorenean legeen arauerako errekurtsoak sar daitezke. Auzitegi Gorenak, gainera, Euskadiko organo judizialen eta Estatuko besteen arteko arazoak ere erabakiko ditu.

15. artikulua

Euskal Herriari dagokio, Parlamentuak emandako legeaz, eta Konstituzioaren 54. artikuluan ezartzen den erakundeari dagokionez, antzeko organo bat sortu eta eratzea, berorren bidez harekin koordinatuz aipaturiko artikuluan diren funtzioak eta Euskal Biltzarreak gomenda diezazkiokeen beste edonolakoak ere bete ditzan.

16. artikulua

Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 140.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke.

17. artikulua

  1. Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian aurrikusten denez, erregimen forala gaurkotzeko prozesuaren bitartez, Euskadiko Erakundeei, Estatutu honetan zehazten den moduan, zera dagokie, pertsonak eta ondasunak babesteko eta lurralde autonomoaren barruan Ordenu Publikoa gordetzeko Polizia Autonomoaren erregimena, Estatuaren Segurtasun-Indarren eta Gorputzen eskuetan, komunitatez kanpotik edo gainetik gertatuko diren polizi zerbitzuak geratzen direlarik, hala nola portuak, aireportuak, kostak, mugak eta aduanak zaintzea, lurralde nazionalean sar-irteten diren espainol zein atzerritarren kontrola, erbestetasun, extradizio eta expultsioaren erregimen orokorra, emigrazio eta inmigrazio, pasaporteak, nortasun-dokumentu nazionala, harma eta lehergailuak, Estatuaren agiri fiskala, kontrabandoa eta Estatuari egindako iruzur fiskala.
  2. Euskal Polizia Autonomoaren Aginte Gorena Euskadiko Gobernuari dagokio, Diputazio Foralek eta Gorporazio Lokalek izan ditzaketen eskubideei kalterik egiteke.
  3. Polizia Judiziala eta funtzio hauek beteko dituzten gorputzak, Justizi Administrazioaren zerbitzurako eta beronen begipean eratuko dira, beti ere lege prozesaletan datozen neurrien arauera.
  4. Polizia Autonomo eta Estatuaren Gorputz eta Segurtasun-Indarren koordinaketarako, Segurtasunerako Batzarrea eratuko da, Estatuaren eta Komunitate Autonomoaren ordezkari kopuru berdinez osatua.
  5. Hasteko, Euskal Herriko Polizia Autonomoak ondokoek osatuko dituzte:
    1. Arabako Diputazio Foraleko Miñoien Gorputzak, oraindik dirauenak.
    2. Bizkaiko eta Gipuzkoako Diputazioen menpean egongo diren Miñoien eta Mikeleteen Gorputzek, prezeptu honen bidez berriro eraikitzen direnak. Geroago, Euskal Herriko erakundeek goiko apartatu horietan aipatu direnak bateratzea erabaki dezakete, edo eta, hartu dituzten konpetentziak zuzen betetzeko eraketa berria egitea. Guztiori, ordezkaritza eta ohizko eginbideei dagozkienetan, Miñoi eta Mikeleteen iraupenari kalterik egiteke.
  6. Goiko zenbakietan jarri direnak erabaki arren, Komunitate Autonomoan ordenu publikoa gordetzeko, Estatuaren Segurtasunerako Gorputz eta Indarrek hurrengo kasuotan esku izan dezakete:
    1. Euskadiko Gobernuak horrela eska diezaienean, haien eskuhartzea haren eskabidez berriro utziz.
    2. Beren kabuz, Estatuaren interes orokorra larriki konprometaturik aurkitzen dela iruditzen zaienean, artikulu honetako 4. zenbakian aipatzen den Segurtasunerako Batzarrearen onarpena beharrezkoa izango delarik. Parte hartzeko behar gorria balitz eta Konstituzioak zuzenik gomendatzen dizkien funtzio eta egitekoak betetzeko, Estatuaren Segurtasun-Gorputz eta Indarrek eskuhar lezakete, horren erantzule bakarra Gobernua izanik, beti ere Gorte Jeneralei guzti horren berri emanez. Gorte Jeneralak, prozedura konstituzionalaren bidez, berei dagozkien konpetentziez baliatu ahalko dira.
  7. Alarma, salbuespen eta setio egoera aldarrika balitez, Euskal Herriko polizi indar guztiak agintari zibil edo militar egokiaren zuzenkako agindupean jarriko lirateke, gaiok erregelatzen dituen legegintzaren arauera.

18. artikulua

  1. Barneko osasuna dela eta Euskal Herriari dagokio Estatuko oinarrizko legea lege berriz aurrera eramatea eta betetzea.
  2. Seguru Soziala dela eta, Euskal Herriari dagokio:
    1. Estatuko oinarrizko legea lege berriz aurrera eramatea eta betetzea, berorren erregimen ekonomikoa itxuratzen duten arauak salbu.
    2. Seguru Sozialaren erregimen ekonomikoaren gestioa.
  3. Berebat dagokio Euskal Herriari farmazi produktoez Estatuaren legeak betearaztea.
  4. Xede horiek lortzeko, bere barrutian, Komunitate Autonomoak organizatu eta administratu ahalko ditu goian aipaturikoez zerikusirik duketen zerbitzu guztiak, Osasun eta Seguru Sozialari dagozkienetan instituzio, erakunde eta fundazioei bere babesa emango dielarik, artikulu honetan harrotzen diren funtzioak eta konpetentziak betetzen diren ala ez jakiteko goren-gorengo inspekzioa Estatuaren eskutan egongo delarik.
  5. Osasun eta Seguru Sozial gaietan hartuko dituzten konpetentziak erabiltzean, Euskal Botere Publikoak interesatu guztien partizipaketa demikratikora bilduko dira, eta baita langileen sindikatoenetara eta enpresarien asoziazioenetara ere, Legeak zertuko duenaren arauera.

19. artikulua

  1. Euskal Herriari dagokio giza kominikabideei dagozkienetan Estatuko oinarrizko arauen legeria aurrera eramatea, Konstituzioaren 20. artikuluan agintzen dena beti ere errespetatuko delarik.
  2. Titulartasun estatala duten komunikabideei aplikatu behar zaien arautegi bereziari dagokionez, goiko parrafoan aipatu diren gaien bururapena Estatutoarenarekin koordinatuko da.
  3. Artikulu honetako lehen parrafoan esaten den bezala, Euskal Herriak erregula, sor eta atxiki ditzake bere telebista, irrati eta prentsa propioa, eta, oro har, bere helburuak lortzeko behar dituen giza komunikabide guztiak.

20. artikulua

  1. Euskal Biltzarreak eskaturik, Estatuak Konstituzioari jarraiki Lege Organikoz haren eskutan utziko edo ordezkatuko dituen beste puntu guztietan Euskal Herriak legegintzazko eta exekuziozko konpetentziak izango ditu.
  2. Euskal Herriko Komunitate Autonomoak Konstituzioko 150.1 artikuluaren arauera delegatzen zaion legeria egokia diktatzeko ahalmena izango du, delako agindu horretan seinalatzen den lege barrutia Gorte Nagusiek onar dezatenean.
  3. Estatutoaren bidez bere esku utzi diren gaiak ukitzen dituzten tratu eta komenioak burutuko ditu Euskal Herriak. Ezin dezake inolako akordio edo komeniok uki Euskal Herriaren atribuipen eta konpetentziarik, Konstituzioko 152.2 artikuluan seinalatzen den prozeduraz egiten ez bada behintzat, berorren 93. artikuluan aipatzen diren tratatuak salbu.
  4. Bere konpetentzia soil ez diren gaietan, Estatuak Euskal Herriko Komunitate Autonomoari ematen dizkion exekuzio funtzioetan sartzen da administratzeko eskubidea halaber, zerbitzuei dagozkien antolaketaren barne arautegiak diktatzekoa ere.
  5. Akordioak eta komenioak, berebat aduanetako lege projektoak elaboratzeko garaian, Euskal Herriarentzat interes berezia badute, Euskal Gobernuari guztiorren berri emango zaio.
  6. Baldin eta bestela ezertxo ere esaten ez bada, aurreko artikuluetako konpetentzia guztiak eta Estatuto honetako beste zenbait, Euskal Herriko lurralde esparruari dagozkio.

21. artikulua

Bere konpetentzia exklusiboetako gaietan Euskal Herriak duen eskubideak lehentasun osoa izango du beste edozeinen ondoan eta honen ezean bakarrik aplikatuko da Estatuaren eskubidea.

22. artikulua

  1. Komuinitate Autonomoak komenioak zertu ditzake beste Komunitate Autonomoekin berorien konpetentzia soil diren zerbitzuen gestioa egiteko eta elkarri laguntzeko. Indarrean sartu baino lehen, komenio horien berri Gorte Jeneralei eman behar zaie. Gorte Jeneralek edo eta Ganbaratakoren batek komenioaren berri jakin eta 30 egun barru erreparorik jartzen badute, artikulu honen hirugarren parrafoan aurrikusten den tramitea segitu beharko da. Epe horren barruan erreparorik jartzen ez bada, komenioa indarrean sartuko da.
  2. Komunitate Autonomoak komenioak zertu ditzake beste Herrialde Historiko foralekin berorien konpetentzigai diren zerbitzuen gestioa egiteko eta elkarri laguntzeko, horien berri Gorte Jeneralei ematea beharrezkoa delarik. Berri eman eta handik 20 egunetara komenioak indarrean sartuko dira.
  3. Komunitate Auitonomoak zertu ditzake kooperazio akordioak. Beste Komunitate Autonomo batzurekin ere Gorte Jeneralen baimena aldez aurretik izango delarik.

23. artikulua

  1. Euskal Lurraldean Estatuko Administrazio zibila Komunitate Autonomoaren esparru geografikoari egokituko zaio.
  2. Konstituzioko 154. artikuluak dioen bezala, administrazio hori Gobernuak izendaturiko Ordezkari batek zuzendu eta koordinatuko du, hala behar izanez gero, Komunitate Autonomoaren Adminis-trazio propioarekin.
II. BURUA - EUSKAL HERRIKO BOTEREEZ
ATARIKO KAPITULUA

24. artikulua

  1. Euskal Herriaren botereak Biltzarre, Gobernu eta bere Lehendakariaren bidez mamituko dira.
  2. Herrialde Historikoek beren erakunde foralak kontserbatu eta antolatu egingo dituzte Estatuto honen 3. artikuluan erabakitzen denaren arauera.
I. KAPITULUA - EUSKAL BILTZARREAZ

25. artikulua

  1. Euskal Biltzarreak ahalmen legislatiboa izango du, bere presupostuak onartuko ditu eta Euskal Gobernuaren ekintza bultzatu eta kontrolatuko. Guztiori Estatuto honen 37. artikuluan aipatzen diren erakundeen konpetentziei kalterik egiteke.
  2. Biltzarrea ukiezina da.

26. artikulua

  1. Euskal Biltzarrea osatuko duten ordezkariak zenbaki berdinez hautatuak izango dira Herrialde Historiko bakoitzetik, hauteskunde orokor, lokabe, zuzen eta sekretoaren bidez.
  2. Hauteskunde barrutia Herrialde Historikoari berari dagokiona da.
  3. Herrialde Historiko bakoitzean hauteskundeak egiteko erabiliko den irizpidea errepresentazio proporzionalarena izango da.
  4. Euskal Biltzarrea lau urtez behin hautatuko da.
  5. Euskal Herriko Hauteskunde Lege batek erregulatuko du bere kideen hautapena eta bere barrutian halako postu eta kargurako postuan edo karguan egoteko norbait ez-hautagarri eta ez-konpatible izateko arrazoiak seinalatuko ditu.
  6. Euskal Biltzarreko kideak ukiezinak izango dira beren kargugintzan azalduko dituzten boza eta iritziak medio.

Horien aginpideak dirauen bitartean, Komunitate Autonomoaren esparruan egin delitoengatik, ezingo da beroriek atxilotzerik nahiz gordetzerik izango, delito nabarien kasuan ez bada, hobenduri diren, preso hartu, auzitan sartu eta juzkatu behar diren ala ez erabakitzea Euskal Herriko Auzitegi Gorenari dagokiolarik. Euskal Herriko esparrutik kanpora, beroriek izan dezaketen erantzukizun penala Auzitegi Goreneko Penal Aretoan eska daiteke.

27. artikulua

  1. Biltzarreak, bere bazkideen artetik, Lehendakaria eta Mahaia aukeratuko ditu, eta Diputazio iraunkor batek Plenoan eta Batzordeetan ihardungo du. Biltzarreak bere barne-araudia zehaztu eta finkatuko du, bazkideen gehiengo absolutuz onartu beharko delarik. Biltzarreak bere aintzin-kontua onartuko du eta bere pertsonalaren Estatutoa.
  2. Bilerak egiteko denboraldi arruntak urtean gutxienez zortzi hilabete iraungo du.
  3. Ganbarak bilera bereziak egin ditzake, baldin eta Gobernuak, Diputazio Iraunkorrak nahiz bazkideen herenak hala eskatzen badute. Bilera berezietara deitzeko, eguneko gai zerrenda eman beharko da eta hura agortu ondoren, bukatutzat emango dira.
  4. Legegintzaren iniziatiba honako hauei dagokie: Biltzarreko bazkideei, Gobernuari eta Estatuto honetako 37. artikuluan aipatzen diren erakunde errepresentatiboei, legeak aipatzen duen gisan, Biltzarreko bazkideek eskubidea izango dute, bai Plenoan bai Batzordeetan, galderak, eskariak, interpelazioak eta mozioak egiteko, arautegian erabakiko denaren arauera. Lege proposamendua egiteko herri iniziatiba, Euskal Biltzarreak tramitatu beharko duenean, honek berak erregulatuko du lege bidez, Konstituzioko 83. artikuluan aurrikusten den Lege Organikoan finkatuko denaren arauera.
  5. Euskal Gobernuko lehendakariak aldarrikatuko ditu Biltzarrearen legeak eta berorrek aginduko du berorien argitalpena "Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean" legeak onartu eta hamabost egun barru, bai "Boletín Oficial del Estado"-n ere. Indarrean noiz sartuko diren jakiteko, "Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean" argitara eman zeneko eguna izango da kontutan.

28. artikulua

Gainera, Euskal Biltzarreari dagokio:

  1. Euskal Herriko ordezkari izango diren senadoreak izendatzea, Konstituzioaren 69.5 artikuluak dioenez, horretarako Euskal Biltzarreak berak emango duen lege batez seinalatuko duen prozeduraren arauera.
  2. Estatuko Gobernuari legegai bat eskatzea edota Kongresoko mahaiari lege proposamen bat bidaltzea Euskal Biltzarreko bazkideak Ganbara horren aurrean delegatuz proposamena defenda dezaten.
  3. Inkonstituzionaltasunaren errekurtsoa jartzea.
II. KAPITULUA - EUSKAL GOBERNUA ETA LEHENDAKARIA

29. artikulua

Euskal Herriko funtzio exekutibo eta administratiboak bere eskutan dituen organo kolegiatua Euskal Gobernua da.

30. artikulua

Gobernuaren atribuzioak eta bere organizazioa, Lehendakari batengan eta Kontseilariengan oinarriturik, halaber beronen bazkideen Estatutoa, Biltzarreak erregulatuko ditu.

31. artikulua

  1. Euskal Gobernua bertan behera geratzen da Biltzarre nagusirako hauteskundeak egin ondoren, Biltzarreak bere konfidantza kentzen dionean, edota Lehendakaria hiltzen denean.
  2. Uzten duen Gobernua funtziotan jarraituko da harik eta Gobernu berriak kargu berria hartu arte.

32. artikulua

  1. Gobernuak gorputz bakar emango du bere egintzen erantzun politikoa Euskal Biltzarrearen aurrean, horretaz aparte bazkide bakoitzak bere gestioaren erantzukizun zuzena duelarik.
  2. Gobernuko Lehendakaria eta bazkideak, aginpidean dirauen bitartean, Komunitate Autonomoan egin delitoengatik, ezingo dira atxilotzerik eta gordetzerik izango, delito nabarien kasuan ez bada, hobenduri diren, preso hartu, auzitan sartu eta juzkatu behar diren ala ez erabakitzea Euskal Herriko Justizi Auzitegi Gorenari dagokiolarik. Euskal Herriko barrutitik kanpora, beroriek izan dezaketen erantzukizun penala eskatu ahalko da Auzitegi Goreneko Penal Aretoan.

33. artikulua

  1. Gobernuko Lehendakaria Euskal Biltzarreak hautatuko du bere bazkideen artetik, Erregeak izendatuko duelarik.
  2. Lehendakariak hautatu eta bereziko ditu Gobernuko bazkideak, berauen ihardunbidea zuzenduz. Halaber, berak du Euskal Herriko ordezkaritza gorena eta Estatuaren ordezkaritza arrunta lurralde honetan.
  3. Euskal Biltzarraren lege batez erabakiko da lehendakaria hautatzeko modua, beraren atribuzioak, baita Gobernuaren eta Biltzarrearen harremanak ere.
III. KAPITULUA - JUSTIZI ADMINISTRAZIOA EUSKAL HERRIAN

34. artikulua

  1. Euskal Herriko Justizi Administrazioaren antolaketa, zeinak gailurrean Auzitegi Nagusi bat izango baitu Komunitate Autonomo osoan konpetentzia izango duena, berrorren aurrean agortuko direlarik bata bestearen ondoko prozeso eskabideak. Botere Judizialaren Lege Organikoan datorrenaren arauera egituratuko da. Konstituzioko 152. artikuluan erabakitzen denari jarraiki, Komunitate Autonomoak probintziak baino ingurune txikiagoa duten barruti judizialak eratzen parte hartuko du, bai berorien hiriburua seinalatzen ere, dena-den horren muga finkatuz.
  2. Euskal Herriko Justizi Auzitegi Goreneko Presidentea Erregeak izendatuko du.
  3. Komunitate Autonomoaren barrutian ekintza herritarren ihardunaldiei erraztasunak emango zaizkie bai Justizi Administrazioan parte hartzen utzi ere Epaimahaia eraikiz, prozeso legeak erabakitzen duen prozeso penalen erara eta arauera.

35. artikulua

  1. Magistratu, Epaikari eta Idazkarien izendapena Botere Judizialaren eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Lege Organikoetan aurrikusten den bezalaxe egingo da, Euskal Zuzenbide Forala eta euskara ezagutzen dutenei lehentasuna emanez, izatasuna eta auzotasuna dela eta, salbuespenik egin gabe.
  2. Komunitate Autonomoaren eskakizunei jarraiki, organo konpetenteak deia zabalduko du lehiaketa eta oposizioetara Euskal Herriko Magistratu, Epaikari eta Idazkarien postu hutsak betetzeko, Botere Judizialaren Lege Organikoak agintzen duen bezala. Lehiaketa eta oposizio horietan hutsik geratuko liratekeen postu hutsak Euskal Herriko Justizi Auzitegi Gorenak beteko lituzke, honelako kasuetarako Botere Judizialaren Lege Organikoan aipatzen diren arauak aplikatuz.
  3. Bere eremuan Komunitate Autonomoari dagokio Justizi Administrazio zerbitzuko pertsonala eta bere funtzionamendurako behar diren medio materialak eta ekonomikoak hornitzea, Botere Judizialaren Lege Organikoak eskubide hori Gobernuaren eskutan uzten duen hitz beretan, pertsonala hornitzeko sistemetan Euskal Zuzenbide Forala eta euskara ezagutzen dutenei lehentasuna emango zaielarik.
  4. Komunitate Autonomo eta Justizi Ministeritzaren artean behar besteko kolaborazioa izango da Euskal Herriak hartu duen konpetentzia guztiz gestio egokiz betetzeko.

36. artikulua

Euskal Polizia autonomoa, Polizia Judizial gisa ari denean, Justizi Administrazioaren zerbitzuko eta dependentziaren barruan egongo da, prozesu legeetan agintzen den arauera.

IV. KAPITULUA - LURRALDE HISTORIKOEN INSTITUZIOEI BURUZ

37. artikulua

  1. Herrialde Historikoen organo foralak horietako bakoitzaren erregimen juridiko propioaren arauera antolatuko dira.
  2. Estatuto honetan erabakitakoak ez darama berez Herrialde Historiko bakoitzaren erregimen foral bereziaren izaeraren eta erregimen pribatiboen konpetentzien edukiaren aldakuntzarik.
  3. Nolanahi ere, konpetentzia esklusiboak izango dituzte, bakoitzak bere lurraldean, ondoko gai hauei dagokienez:
    1. Beren instituzio propioen antolamendu,erregimen eta ihardunbidea.
    2. Beren presupostuen prestaketa eta onarpena.
    3. Probintziako neurrien barruan dauden esparru supramunizipaleko lurraldeen mugaketa.
    4. Probintzia eta Udaletako ondasunen erregimena, nahiz daitezen publikoak edo patrimonialak, propioak edo komunalak.
    5. Udaletako hauteskunde erregimena.
    6. Estatuto honetan seinalatuko diren guztiak edo eta berorien eskutan utziko direnak.
  4. Beren esku izango dute, baita ere, beren lurralde barrutian, Euskal Biltzarreak zehaztutako gaien aurrerabidea eta burutzea.
  5. Lurralde Historikoen ordezkaritza organoak hautatzerakoan, hauteskunde orokor, lokabe, zuzen, sekreto eta proporziozko ordezkaritzazko irizpideak erabiliko dira, lurralde bakoitzeko zona guztien ordezkaritza egokia emango duten hauteskunde esparruak antolatuz.
V. KAPITULUA - EUSKAL HERRIKO AHALMENEN KONTROLARI BURUZ

38. artikulua

  1. Euskal Biltzarrearen legeak, beren konstituzionalitatearen kontrolerako Auzitegi Konstituzionalari menpekotuko zaizkio bakarrik.
  2. Konstituzioko 150.1 artikuluan aurrikusten diren supuestoetan artikulu berorretan esaten denaren arauera jokatuko da.
  3. Euskal Herriko administrazio eta exekuzio organoetatik etorririko ekintza, akordio eta arau reglamentarioak errekurrigarri izango dira jurisdikzio kontentzioso-administratiboaren aurrean.

39. artikulua

Komunitate Autonomoaren eta Herrialde Historiko bakoitzaren instituzioen artean sor daitezkeen liskarrak Euskal Gobernuak eta interesaturik dagoen lurraldeko Diputazio Foralak erdibana izendatutako ordezkariek osaturiko eta Euskal Herriko Justizi Auzitegi Goreneko presidenteak presiditutako arbitro batzorde baten erabakiari menpetuko zaizkio, Euskal Biltzarrearen lege batek erabakiriko prozeduraren arauera.

III. BURUA - HAZIENDA ETA ONDAREA

40. artikulua

Berari dagozkion eginbehar eta finantziaketak egokienik buru ditzan Euskal Herriak bere Hazienda Autonomoa izango du.

41. artikulua

  1. Estatu eta Euskal Herriaren arteko zerga mailako harremanak, aintzinako erara, Kontzertu ekonomiko eta Komenio sistemaz erregulatuak izango dira.
  2. Kontzertu Erregimenaren edukiak ondoko printzipio eta oinarriak errespetatuko ditu eta beroriei egokituko zaie:
    1. Herrialde Historikoetako instituzio bidezkoek, bere esparruan, zerga erregimena mantendu, ezarri eta erregulatu ahal izango dute, Estatuaren egitura orokor inpositiboari, kontzertu berean Estatuarekin koordinazio, fiskal armonizazio eta kolaborazioa izateko agertzen diren arauei eta Komunitate Autonomoaren barruan helburu berdinak lortzeko euskal Biltzarreak diktatuko dituenei kasu eginez. Kontzertua Legez onartuko da.
    2. Zerga guztien exakzio, gestio, likidazio, bilketa eta inspekzioa, Aduanen Errentan sartzen direnak eta gaurregun Monopolio Fiskalen bidez biltzen direnak izan ezik, Herrialde Historiko bakoitzean, bertako Diputazio Foralek egingo dute, guztiori Estatuarekin behar den kolaborazioaren eta beronen goi-goiko inspekzioaren kaltetan izan gabe.
    3. Herrialde Historikoetako erakunde konpetenteek gisako akordioak hartuko dituzte Estatuak lurralde komunari aplikatzea erabakiko dituen exzepzio eta koiuntural jitezko arau fiskalak bakoitzak bere lurraldean aplika ditzan, haietan hainbat denbora egingo dutelarik zutik hemengoetan.
    4. Euskal Herriak Estatuari egingo dion aportazioa kopuru oso bat izango da, eta komunitate autonomoak bere gain hartzen ez dituen Estatuak hartutako kargen kontribuzio gisa lurralde bakoitzak emandako kopuruez osatuko da.
    5. Aipaturiko kopuru osoa osatzen duten lurralde bakoitzari dagozkion kopuruak izendatzeko eta erabakitzen diren epeetan berritzeko, batzorde mixto bat osatuko da, zein alde batetik Diputazio Foral bakoitzeko ordezkari batez eta Euskal Gobernuko beste hainbestez eta, bestetik, Estatu Administrazioko beste hainbeste ordezkariz osatuko baita. Honela ematea erabakiko den kopurua Legez onartua izango da Kontzertuan seinalatuko den aldioro, urtekal gaurkotu daitekeelarik Kontzertuan seinalatuko den prozeduraz.
    6. 138. eta 156. artikuluetan aipatzen den solidaritate printzipioaren arauera aplikatuko da Kontzertu erregimena.

42. artikulua

Euskal Herriko Hazienda Orokorraren sarrerak honela izango dira:

  1. Herrialde Historikoak Euskal Herriko presupostu gastuetarako egindako kontribuzioaren adierazgarri bezala Diputazio Foralek emandako emaitzak. Euskal Biltzarreko lege batek erabakiko ditu banaketa berdintasunerako irizpide eta Herrialde Historiko bakoitzaren aportazioak erabaki eta emateko erabiliko den prozedura.
  2. Euskal Biltzarreak erabakiko dituen Komununitate Autonomoaren zerga propioen etekinak, Komunitate Autonomoen finantzaketaz Konstituzioko 157. artikuluan eta Lege Organikoan esaten denaren arauera.
  3. Territorioen arteko Konpentsazio Fondotik egindako transferentziak eta Estatuko presupostu orokorren kargura eta kontura beste zenbait emaitza.
  4. Bere patrimoniotik sorturiko etekinak eta eskubide pribatuzko sarrerak.
  5. Kredito operazioen eta zor emisioen produktoa.
  6. Konstituzioan eta Estatuto honetan erabakitakoaren arauera antola daitekeen beste edozein sarrera.

43. artikulua

  1. Euskal Komunitate Autonomoaren jabegoarenak izango dira aurrerantzean Komunitate honek bere gain hartu dituen zerbitzu eta konpetentziekin zerikusirik duten Estatuaren edo eta beste organismo publikoen eskubideak eta ondasunak.
  2. Euskal Biltzarreak erabakiko du eskubide eta ondasun horien jabegoa edo erabilpena Euskal Herriko zein organori utziko zaion.
  3. Euskal Biltzarrearen lege batek erregulatuko du Euskal Herriko ondarearen administrazio, defentsa eta kontserbazioa.

44. artikulua

Euskal Herriko presupostu orokorrek bere barne hartuko dituzte aktibitate publiko orokorraren diru-sarrera eta gastuak; Euskal Gobernuak elaboratuko ditu eta Euskal Biltzarreak onartuko, berak ezartzen dituen arauen arauera .

45. artikulua

  1. Euskal Herriko Komunitate Autonomoak inbertsio gastuak finantzatzeko zor publikoaren agiriak eman ditzake.
  2. Emisioen kopurua eta ezaugarriak politika kreditiziaren antolaketa orokorraren arauerakoak izango dira eta Estatuaz kolaboratuz egingo.
  3. Emango dituen tituluak, ondorio guztietarako, fondo publiko bezala joko dira.
IV. BURUA - ESTATUTOAREN ERREFORMA

46. artikulua

  1. Prozedura honi jarraiki egingo da Estatutoaren erreforma:
    1. Euskal Biltzarreari dagokio aurrea hartzea, bere bazkideetako bostetik batek Euskal Gobernuari edo Espainol Estatuko Gorte Jeneralei proposatu ondoren.
    2. Euskal Biltzarreak gehiengo absolutuz onartu behar du proposamena.
    3. Dena dela, ezinbestekoa da Lege Organikoaren bidez Estatuko Gorte Jeneralen onarpena.
    4. Azkenik, referendumaren bitartez hautesleek ontzat eman beharko dute .
  2. Estatuak espreski beronen eskutan ordezkatu eta gero, Euskal Gobernuak badu eskubiderik artikulu honen gai diren referendumetara dei egiteko

47. artikulua

  1. Aurreko artikuluan besterik erabaki arren, erreformaren helburua eta xedea Euskal Herriko botereen antolaketaren aldaketa soila litzatekeenean, eta Komunitate Autonomoaren eta Estatuaren arteko harremanekin zerikusirik ez lukeenean edo eta Herrialde Historikoen erregimen foral propioek ukituko ez lituzkeenean, ondoan esango den bezala jokatuko da:
    1. Erreforma proiektoa Euskal Parlamentuak elaboratuko du.
    2. Gorte Jeneralei eta Junta Nagusiei aholkua eskatuko zaie.
    3. Aholkua eskatu ondoko hogeita hamar egunetan erreformaz ukiturik gertatuko litzatekeen organorik agertzen ez bada, behar diren baimenak lortu ondoren, proposatu den testuaz referendum egiteko deia zabalduko da.
    4. Azken buruan, Lege Organikoaren bidez emango den Gorte Jeneralen onarpena galdegingo da.
    5. c) letran seinalatu den epean kontsulta egin zaien organoetako batzuek erreformaz ukiturik geratu direla aditzera ematen badute, 46. artikuluan aurrikusten den prozedurari helduko zaio, aipatu artikuluko 1 zenbakiko a) eta b) apartatuetako tramiteak bete direla joko delarik .
  2. Konstituzioko agindu iragankor laugarrenean aurrikusten den hipotesia ematen bada, Kongresoak eta Senatuak, elkarrekin bileran bildurik eta berorien artean onartuko edo aukeratuko duten prozedura legezkoaren arauera, gehiengo absolutuz, Estatutoaren erreformarako 46. artikuluan datozen betebeharretatik zein aplikatuko diren erabakiko dute, dena den, beharrezkoa izango delarik organo foral konpetentearen onarpena, Lege Organikoaren bitartea Gorte Jeneralen onarpen eta ukiturik geratu diren Herrialde guztietako referenduma.
  3. Estatutoaren 17. artikuluko 6. zenbakian datorren b) letraren bigarren intzisoa bazter utz daiteke baldin eta horretarako Kongreso eta Senatuko bostetik hiruren gehiengoa bada, eta behar diren baimen guztiekin eta referendumara deitu ondoren, Euskal Biltzarreak onartzen badu.
AGINDU GEHIGARRIA

Estatuto honetan finkatu den erregimen autonomikoaren onarpenak ez du esan nahi, Euskal Herriari herri gisa historian barrena dagozkiokeen eskubideei uko egiten zaienik, ordenamendu juridikoak erabakitzen duenaren arauera gaurkotu daitezkeelarik.

AGINDU IRAGANKORRAK

Lehendabizikoa

Estatutoa erabat onartu eta 60 egun baino lehenago, Eusko Kontseilu Nagusiak Euskal Biltzarrea aukeratzeko hauteskundeak egin eraziko ditu, deia zabaldu eta ondoko lau hilabeteetan ospatuko direlarik.

Halarik, Komunitate Autonomoa osatzen duen Herrialde Historiko bakoitzak bere hauteskunde barrutia eratuko du. Alderdi politiko, horien koalizio eta talde elektoralek beren hautagaiak aurkez ditzakete hauteskunde barruti bakoitzean, beti ere zerrenda itxi eta blokeatuetan. Eskainuen banaketa, sistema proportzionalez egingo da. Barruti bakoitzean hogei Parlamentari izango dira.

Hauteskundeak ospatu ondoan, hamabost egun baino lehenago, Eusko Kontseilu Nagusiak arestian hautatua izan den Biltzarrea bil eraziko du Euskal Gobernuko Lehendakaria aukera dezan.

Lehendakariak, hautatua izateko, lehenbiziko bozketan, Ganbararen gehiengo abtsolutoa behar du, eta lortzen ez baldin badu, gehiengo sinplea ondokoan edo hurrengoetan.

Biltzarrea eraiki eta ondoko hirurogei egunetan Gobernuko Lehendakaria oraindik aukeratu gabe baldin bada, Ganbara desegin eta hauteskunde berriak egingo dira.

Besterik ezinean eta ordezko gisa 1977ko ekainaren 15ean hauteskunde orokorrak erregulatzeko eman ziren arauak aplikagarri daitezke, halaber oraino indarrean dagoen Diputatuen Kongresoko Arautegia.

Bigarrena

Estatuto honen arauera Komunitate Autonomoari dagozkion konpetentziak eta horien ariketarako beharko diren medio pertsonalak eta materialak beronen esku nola utziko diren jakiteko, Euskal Gobernua eraiki eta hilabete baino lehenago, Euskal Biltzarre eta Estatuko Gobernuko ordezkari kopuru berdinez osaturik dagokeen Batzorde mixtoak arau zehatzak emango ditu, behar diren transferentziak banatuz.

Estatuto hau indarrean sartuko delarik, behin betiko transferiturik dirateke ordurako Eusko Kontseilu Nagusiaren eskutan utzi ziren konpetentzia eta errekurtso guztiak.

Transferentziak egin diren zerbitzu estatal edo beste edozein erakunde publikotan adskribaturik zeuden funtzionari eta pertsonek transferentzia egin orduan zituzketen moeta, maila eta era guztietako eskubideak izango dituzte.

Hirugarrena

  1. Irakaskuntzaren alorrean egin beharreko transferentziak, bai ondareei eta bai pertsonei dagokienez, zeinekin betetzen baititu Estatuak bere zerbitzuak gaurregun Euskal Herrian, bigarren agindu iragankorrean sortzen den Transferentzi Batzorde Mixtoak ezarriko dituen egitarau eta kalendarioaren arauera egingo dira.
  2. Irakaskuntzako zerbitzuen eskualdaketa Komunitate Autonomoari egingo zaio, edo eta Diputazio Foralei, hala beharrez gero.

Laugarrena

17. artikuluan aurrikusten denaren arauera sortuko den Seguritate Juntak erabakiko ditu Polizi Autonomoko Gorputzen Estatutoa, Arautegia, hornizioak, zenbakia, egitura eta nondik nola bildu beharrekoa. Horien buruak, Estatuko Seguritate Gorputzetatik eta Indar Harmatuetako Buruzagi eta Ofizialen artetik hautatuak izango dira, zeinak beren zerbitzuak gorputz horietan prestatzen dituzten bitartean Komunitate Autonomoen Polizi Legeak aurrikusten duen egoera administratiboaren mendean egongo baitira, edo Defentsa eta Barne Arazoetako Ministeritzek erabakiko dutenaren mendean, azken kasu honetan militar forutik at geldituko liratekeelarik. Harma lizentziak, beti ere, Estatuari dagozkio.

Bosgarrena

Estatuto honen aplikapenerako sortuko den Transferentzi Batzorde Mixtoak burutuko ditu komenio egokiak, zeinen bidez Komunitate Autonomoak bere esku hartuko baitu Seguru Sozialaren erregimen ekonomikoaren gestioa, beti batasunezko joerarekin eta solidaritatezko printzipioari jarraiki, gestio ordenatu batetarako komenio horietan erabakiko diren prozedura, epe eta konpromezuei jarraituz.

Seigarrena

19.2 artikuluan aurrikusten dena burutzeko, koordinaketa bat egingo da, baldin eta Estatuak, kontzesio gisa, Euskal Komunitate Autonomoari tituluz estatala izango litzatekeen telebistako kanale berri bat erabiltzeko ahalmena emango balio. Kanale horrek Euskal Herriaren esparrua mugatu beharko luke, eta aipatu kontzesioak aurrikusten duen eran gainera.

Zazpigarrena

  1. Estatuto honek aipatzen dituen oinarrizko legeak edo lege orokorrak Gorte Jeneralek elaboratzen ez dituzten bitartean, edo eta Euskal Biltzarreak bere konpetentziako gaiei buruz legerik ematen ez duen bitartean, oraindaino indarrean dirauen Estatuaren legeek jarraituko dute aurrerantzean ere gai horiei buruz, guztiorien burutzea Komunitate Autonomoaren esku egongo delarik Estatuto honetan aurrikusten diren diren kasuetan bederen.
  2. Estatuto honen 23.1 artikuluan aurrikusten denak ez du trabarik suposatuko beren jite propioarengatik, eta lurralde esparruari dagokionez, Estatuko Administrazio Zibilaren zenbait zerbitzuk bere prestamenerako eska ditzakeen berezitasunentzako.

Zortzigarrena

Estatuto hau onartu ondoren ospatuko den lehen Kontzertu Ekonomikoa, Arabarentzako indarrean dirauen Kontzertu Ekonomikoaren eduki materialean inspiratuko da, probintziarentzat inolako kalterik suposatu gabe, eta bertan ez da kontzertatuko alkoholei buruzko Estatuaren inposaketarik

Bederatzigarrena

Behin Estatuto hau onartzen duen Lege Organikoa aldarrikatuz gero, Eusko Kontseilu Nagusiak har dezake, hala nahi izanez gero, bere izentzat "Euskal Herriko Gobernu Probisional" deitura, orain arteko funtzio eta erregimen juridiko berarekin ordea, Lege horren lehen agindu iragankorrean aurrikusten dena betearazi dadin arte.