Legegintza-funtzioa

Autonomi Estatutuak gure Autonomi Elkarteari aitortzen dizkion zenbait gairi buruzko legegintzarako ahalbidea Eusko Legebiltzarrean egindako legeen bidez gauzatzen da. Lege hauek egiteko ihardunbidean fase batzuk daude:

Hasierako fasea.

Legegintzarako ekimena, hau da, ihardunbidea abian jartzeko gaitasuna, honako hauei dagokie:

  • Legebiltzar-taldeei, edo Legebiltzarkide bati, beste lauren sinaduraz.
  • Jaurlaritzari.
  • Lurralde Historikoen ordezkotza duten erakundeei
  • Herritarren legegintzarako ekimenari 30.000 euskal herritarren sinaduraren bidez .

Ekimenaren sorburua Jaurlaritza bada, hau "lege-proiektua" da; beste kasu guztietan "lege-proposamena" izena du.

Eztabaidako eta onartzeko fasea.

Proiektua aurkeztu edo proposamena aintzat hartu ondoren, zuzenketak aurkezteko epeari ematen zaio hasiera. Zuzenketa hauek jatorrizko testua bere osoan edo zati batean aldatzeko proposamenak dira. Zuzenketa hauek eskumendun Batzordean tramitatzen dira. Batzorde honek, ekimena zehatz-mehatz aztertzeko, ponentzia izendatzen du sarritan, eta ponentzi honek txostena egiten du. Batzordeak aurkeztutako zuzenketen eztabaida egiten du, egoki iritzitakoak gehiengoz bere eginez eta jatorrizko ekimenarekiko aldaketak Irizpenean adieraziz. Azkenik. Osoko Bilkurak egiten du Irizpen horri huruzko eztabaida eta behin betiko testua onartzen du. Testu hau lege bihurtzen da.

Hau da lege-proiektu edo -proposamen gehienei aplikatzen zaien ohizko ihardunbidea, baina badira gutxiagotan erabiltzen diren bestelako erak ere (hona nola, presako ihardunbidea, irakurraldi bakarra, edo legea behin betiko Batzordean onartzea), zein berariazkoa (hona nola, Aurrekontuen Legerako ihardunbidea).

Legebiltzarreko ihardunbidea amaitu ondoren, onartutako testua Jaurlaritzako lehendakariak aldarrikatzen du eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen da.